Gastronomika kongresuaren 2026ko edizioak Euskal Sukaldaritza Berria omenduko du, haren 50. urteurrenean

San Sebastian Gastronomika Euskadi Basque Country 2026ko urriaren 5etik 7ra itzuliko da Kursaal Jauregira eta, 28. edizio honetan, Euskal Sukaldaritza Berriaren 50 urteei begira jarriko da. ‘Dena piztu zuen txinparta’ leloarekin, euskal sukaldaritza aldatzeaz gain, espainiar sukaldaritza garaikidearen historia berridazten lagundu zuen mugimendua izango du ardatz.
Mundu mailan gastronomiako kongresuen aitzindari den honek 1976an sortu eta izugarrizko eragina izango zuen energia sortu zuen mugimendu hura oroituko du. Nazioarteko hainbat figura garrantzitsuk baieztatu dute dagoeneko etorriko direla, Pierre Gagnairek eta Michel Troisgrosek, esaterako, bai eta Euskal Sukaldaritza Berriak beraien ibilbidean eragina izan duela argi eta garbi adierazi duten chef batzuek ere, Gastón Acurio perutar sukaldaritzaren nazioarteko proiekzioaren bultzatzaileak, besteak beste. Haiekin batera, jakina, Espainian sukaldaritza ulertzeko modua aldatu zuen mugimendu haren sortzaileak eta berehala mugimendu harekin bat egin zutenak ere gurekin izango dira: Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Tatus Fombellida, Ramon Roteta, Karlos Argiñano, Martin Berasategi eta Hilario Arbelaitz.
Euskal Sukaldaritza Berriak ondorengo belaunaldietan izan duen eraginari eta helarazi dien herentziari ere erreparatuko dio San Sebastian Gastronomika Euskadi Basque Country kongresuak, aurrerago iritsi ziren eta iraultza hartan irekitako zegoen bide bat aurkitu zuten sukaldari onenetako batzuen parte-hartzearekin. Gainera, Luis Irizar Maisuak bete zuen funtsezko papera gogora ekartzeko espazio berezi bat egongo da; Irizar ezinbesteko figura da haren guztiaren jatorria, edukia eta giza-dimentsioa ulertzeko.
Halaber, 1976an Madrilen egindako Gastronomiari buruzko lehenengo Mahai-inguru hartako partaideetako batzuk elkartzeko balioko du hitzorduak; hura izan zen eraldaketa historiko honen hazia. Topaketa hartan izan ziren, besteak beste, Jose Luis López Canís, Pedro Subijana, Rafael Ansón eta Imelda Moreno. Protagonista horien presentziari esker, sukaldaritzarako erabakigarria izan zen une haren oroitzapen bizia berreskuratuko dugu.
Aurtengo edizioak, gainera, sinbolismo handiko sariak emango ditu. Martin Berasategik jasoko du omenaldi nagusia, sukaldari-lanbidean mende erdiko ibilbidea egin duen honetan. Errespetutik, mirespenetik eta maitasunetik egindako omenaldia izango da gastronomiaren historia biziaren parte den figura honi egingo zaiona. Aitzindari haien eta gerora etorri den guztiaren arteko lotura irudikatzen du Berasategik. Eta halaxe erakusten du bere ibilbideak: Lasarte-Orian duen bere etxeak hiru Michelin izarrak izaten jarraitzen du, eta bere ibilbide profesionalak euskal sukaldaritzako sendoenetakoa eta aitortuenetakoa izaten jarraitzen du; munduko hainbat herrialdetan ditu jatetxeak. Anbizioa metodo bihurtzen jakin izan du, etxe-ukituarekin betiere, beti jarraitu baitu Donostian errotuta, goi-mailako sukaldaritza –bere 12 Michelin izarrekin– bere dimentsio apalarekin uztartuz.
Urrezko Geridon saria, berriz, Luis Gutiérrezek jasoko du, The Wine Advocate argitalpenaren Espainiako arduradunak, espainiar ardoaren azkenaldiko historia aldatzeko egin duen ekarpen erabakigarriagatik. 2013an Espainiako ardoen balorazioaren ardura hartu zuenetik, bilakaera nabarmena izan du puntuaziorik onenak dituztenen profilak, ardogile eta ardandegi-jabe gazteei aukerak irekiz, ahaztuta zeuden zonak mapan kokatuz eta etxe historiko garrantzitsuei euren izen handia berreskuratzen lagunduz, Errioxan batez ere, superkontzentrazioa nagusitu zen garaietan urte zailak bizi izan ondoren.
Bestalde, Pau Albornà i Torras Saria Anya von Bremzen kazetari errusiar-estatubatuarrari emango zaio; von Bremzen espainiar sukaldaritzaren nazioarteko dibulgatzaile nagusienetakoa da. Euskal sukaldaritzaren zale amorratua da 2000ko hamarralditik, eta hamar urteko lana eskaini zion The New Spanish Table liburuari; Amerikako Estatu Batuetan, espainiar sukaldaritzaren aberastasuna ulertzeko eta proiektatzeko funtsezkoa den liburua. Liburuaren hitzaurrean, hain zuzen ere, eskerrak ematen dizkie zenbait euskal sukaldariri, emandako laguntzagatik. Von Bremzenek hainbat komunikabidetan idatzi du gastronomiari buruz, hala nola The New Yorker, Los Angeles Times, Chicago Tribune eta The New York Times egunkarietan, bai eta aldizkari espezializatuetan ere, Food & Wine eta Travel + Leisure-en, esaterako. Eta hiru James Beard sari irabazi ditu, Estatu Batuetan ‘Oscar’ gastronomikotzat jotzen direnak.
Tradizioak eta itsasoak Gastronomikaren beste bi elementu funtsezko izaten jarraituko dute. Edizio honetan, bakailaoaren mundu mailako topaketa egiteko ponentzien eta jardueren egitaraua diseinatuko du; bakailaoa arrainik garrantzitsuenetakoa da Euskadiko sukaldaritzaren historian, baita bere historia ekonomiko eta sozialean ere. Ternuako XVI. mendeko arrantzalekuetatik Pasaia mende erdiz munduko bakailao-portu handiena bihurtu zenera arteko bakailaoaren historia jorratuko dute, bere dimentsio historiko eta garaikide osoan.
Dauden hirurogei bat bakailao-espezieak hobeto ezagutzeko eta arrain horrek presentzia garrantzitsua duen beste herrialde batzuetako plater tradizionalak ezagutzeko aukera emango du kongresuak, hala nola Norvegia, Islandia, Portugal, Italia, Brasil, Cabo Verde eta Nigeriakoak. Halaber, bakailaoaren industrian emakumearen lanak duen garrantzia, bakailaoaren kontsumoaren goraldia eta sektorearen egungo egoera izango dugu hizpide.
Ezusteko historiko eta ikoniko bat ere izango dugu: San Joan lehen aldiz iritsiko da Donostiako kaira, Ternuatik itzultzen ziren bakailao-ontzi bihurtuta. Memoriaz eta emozioz betetako irudia, Kontxako badian iragana eta oraina konektatuko dituena; garai batean, badia horretan sailkatzen zen bakailaoa.
Tabernei eskainitako eszenatoki alternatiboak bilakaera bizi izango du edizio honetatik aurrera, formatu esperientzialagoa izango du, eta Tabernak eta Parrillak izena izango du aurrerantzean. Egitarau zabalagoa izango du, dastatze-saioekin eta prestakuntza-proposamenekin. Besteak beste, Arregi, Elkano eta Kaia-Kaipe lehengusuen presentzia nabarmendu dezakegu; lehen aldiz egongo dira elkarrekin, eta zuzenean erakutsiko dizkigute parrillan prestatutako erreboiloaren sekretuak.
Igandean, gainera, omenaldia egingo zaio txipiroiari; gutxienez zortzi plater prestatuko dituzte beste horrenbeste jatetxe berritzailek, txipiroia gastronomiaren gorenera eraman zutenek.
Aurrera egiten jarraitzeko jatorriari begiratuko dion edizio honekin, Gastronomikak berriro batuko ditu memoria, talentua, produktua, hausnarketa eta emozioa. Eta gogora ekarriko digu, batzuetan, txinparta bat baino ez dela behar dagoeneko itzaliko ez den aldaketa bat pizteko.
Halaber, San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country kongresuak azoka profesionalari eskainitako espazio bat izango du aurten ere. Ildo horretan, kongresuaren barruan beraien produktuak eta berritasunak erakutsi nahi dituzten enpresek dagoeneko bidera ditzakete eskabideak eta kontsultak, helbide elektroniko honetara info@sansebastiangastronomika.com. Bestalde, edizio berri honetan kongresista izan nahi dutenek ere dagoeneko eman dezakete izena webgune honetan: www.sansebastiangastronomika.com










