Bigarren mailako izardunak Arzaken distiratzen
Arzak eboluzioaren eta sormenaren sinonimo da, eta sukaldaritza berriaren itsasargi izaten jarraitzen du Elenaren eskuetan, zeinak, gaur, protagonismoa lortzeko lehiatzen diren osagaiak dituzten lau berealdiko pase ekarri baitizkigu aretora.
«Jatetxe bateko menua film baten modukoa da: paseak sekuentziak dira, eta osagaiak, berriz, antzezten duten aktoreak», azaldu du Elena Arzak zinemazaleak hitzaldia hasteko. Bere laborategiko arduradunekin batera, gidoiari bira bat eman nahi izan dio, azaltzeko nola osagai batzuek, ongi tratatzen badira, beren kabuz distiratzen duten, edo jatorrian protagonistak ziren osagaien rola indartzen duten.
Eta, hori erakusteko, lau sekuentzia gozo-gozo aukeratu ditu, bertaratutakoen gozamenerako zuzenean prestatuak. Lehenengoa, eguneko arraina tomate-kordetan. Berdela izan da, Kantauri itsasoan nagusi den arrain urdina, kombu-algaz, gatzez eta azukrez ondua, eta azala karamelizatzeko sopleteaz pixka bat erreta. Eta, osagarri gisa, «tomateak paper nagusia lapurtzen dio, nolabaiteko gominola bihurtuta, sojaz, arroz-ozpinez, azukrez eta urez egindako nahasketa batez landuta eta, ondoren, irakin eta 12 orduz hutsean atseden hartzen utzita, guztia gero ekilore-oliotan kontserbatzeko. Platerean, berdel-zatiak tomate-zatiekin elkartzen dira, baita limoi-zatiekin ere, salikornia-adarren bidez, eta zapo-isatsetatik ateratako kolagenozko saltsarekin eta perrexil-olioarekin zipriztindu da platera, distira emateko.
Bigarren sekuentzian, bi irudi antagoniko handi lehiatu dira arreta lortzeko, «eta, azkenean, egokitu eta konexio ezin hobea lortu dute». Sorluteko ostra «haragitsu eta mamitsu bat» aurkeztu dute. Hain zuzen ere, «luxuzko osagai bat da, eta irribarre hutsez kamera konkistatzen du». Ostra idi-txuletaz egindako emultsio batean murgildu dute, zeinak, zaporea estali beharrean, ñabardura handiak eman baitizkio. Platera amaitzeko granada-zukua, itsas mahatsa eta xantanaz testurizatutako limoi-gel asiar bat erabili dituzte.
Remake bat eta beharrezkoa den The End zoriontsua
Hirugarren pasean, ahatea laranja erara aurkeztu dute, plater unibertsal baten remakea. Oraingoan, Landetako usakume bat izan da protagonista, ahatea oraindik hasiberria delako. Hemen, usakumearen bularkiak, bitan ebakita eta puntu bat gutxiago eginda, lehen planoa utzi dio laranjazko saltsa bati, «inoiz egin dugun hoberena», eta platerean algarrobo-lekaz eta laranja-zukuz egindako lokum batekin batera aurkeztu da.
Hitzaldia postre batekin amaitu du, «menuari bere happy the end behar-beharrezkoa emateko», non sekuentziaren izarra kokapena izan baita. Eta, halaxe, platerean, «hornitzen gaituen Dominikar Errepublikako kakao organikoko plantazioa» irudikatu dute. «Emakumeek soilik zuzentzen dute, eta askotariko fruta-arbolak dituzte, mangoa eta platanondoa, adibidez, eta horrek aparteko ñabardurak ematen dizkio kakaoari». Postrea txokolatezko ganatxe bat izan da, mango mamiz egina, hoisin saltsaz eta kakao- eta karamelu-toffeez lagundua. Gainean, azukrerik gabeko gazta freskozko gaileta batzuk jarri dizkiote, konposizioari freskura emateko, bai eta laranja-azal konfitatua eta kakaoaren muzilago dosi txiki bat ere, mikaztasun pittin bat emateko.