mag

‘Donostia, hiri irekia’, Gastronomika kongresuaren 26. edizioaren leloa

 

Kongresu gastronomikoen aitzindaria den Gastronomikak Donostian are gehiago finkatzea, donostiar gizartearekin berriro konektatzea eta Kursaal Jauregiaren mugak gainditzea bilatuko du, sukaldaritza-formatu guztietara irekitzeko.

Gabriel Celaya hernaniarraren poema baten izenburua, ‘Donostia, hiri irekia’, izango da San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuaren hurrengo edizioak izango duen leloa. Urriaren 7tik 9ra egingo da kongresua eta, Donostiarekin eta Gipuzkoarekin duen lotura indartuz, are gehiago ireki nahi du beste sukaldaritza-formatu batzuetara. Halaxe iragarri zuen Benjamín Lana Vocentoren Gastronomia arloko presidente eta San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country kongresuko zuzendariak DV Gunean, “San Sebastian Gastronomikaren hurrengo edizioaren lehenengo snacka” izan zen ekitaldian. 

Aurkezpen horretan, Lanak azaldu zuen, kongresu gastronomiko antzinakoenaren 25. urteurrenak izandako arrakastaren ondoren, hura bezain erakargarria izango den beste edizio bat antolatzeko erronka zuela batzorde antolatzaileak: “Iaz pentsatu genuen historia genuela (‘Historiaren etorkizuna’ izan zen kongresuaren leloa), baina etorkizuna irabazi beharra genuen. Milaka lagun egon zen Kursaal Jauregian, eta adiskideak elkartzeko gunea izan zen, haietako asko denbora luzez elkar ikusi gabe zeudenak. Gainera, munduko onenen eskutik ikasteko aukera izan genuen”. 

Datorren edizio honetarako, “indarra emango zigun zerbaitetan inspiratu beharra genuen, eta pentsatu genuen ekitaldi honen berezitasuna, errepikaezina dena, ez dela kongresura etortzen den jende zoragarria, hiria baizik”. Eta ideia horrekin, Gabriel Celaya poetaren ‘Donostia, hiri irekia’ poeman oinarritu dira antolatzaileak. “Poema horretan azaltzen zen Gastronomikaren izpirituaren alderdi bat”, adierazi zuen Lanak; eta aurreratu zuen “kongresuaren edizio hau Gipuzkoako gizartearekin berriz konektatzen” saiatuko dela, “ingurunean are gehiago finkatzen, eta sukaldaritza-formatu guztietara irekitzen”. 

Kongresuko zuzendari berriak, gainera, zera aitortu zuen: “munduko kokalekurik onena dugun arren –Kursaal, hain zuzen ere–, hori gainditzen saiatu behar gara, ahal dugun heinean. Kursaal Jauregia ‘edukiontzi’ bat da, eta zoriontsu gara han, baina kanpoan dago alderdirik interesgarrienaren zati bat”. Horregatik, “uste dugu lurraldeari, ostalaritzari, jatetxeei, tabernei edo elkarte gastronomikoei begiratzea izar handiei begiratzea bezain garrantzitsua dela”. 

Orain erraza dirudien mirari bat

 ‘Donostia, hiri irekia’ poemak paralelismo ugari du Gastronomikarekin, kongresuaren ibilbidearekin eta filosofiarekin. “Halabeharrez hiri honekin lotuta dagoen kongresua da, Santa Klara uhartea Kontxako badiarekin lotuta dagoen bezalaxe”, adierazi zuen Lanak aurkezpenean. “San Sebastián, recogida de amor y apurada y pequeña”, errezitatzen zuen Celayak; “una ciudad que siempre se quiso sin murallas, que todo lo acepta y que es bella”, gaineratzen zuen bere bertsoetan. Gaur, mundu-maila erreferentea da Gastronomika kongresu gastronomikoen arloan, dena onartzen duen mentalitate irekia du, eta bere harresiak gainditu nahi ditu. Hori guztia, Celayak poema horretan bertan zioen bezala, zera ahaztu gabe: “el milagro que hoy nos parece fácil, mas fue en su instante un pasmo”. 

Magazine

Partners

Antolatzaileak

El Diario Vasco GSR GRUP

Erakunde babesleak

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoa Turismoa Donostia San Sebastián
Hazi Muy Gipuzkoa DONOSTIA SUSTAPENA FOMENTO